XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Ikasgaia: ELEKTROSTATIKA.

Elektrakarga: Aintzinatik zera jakina da: marruskadura bidez zenbait materiale elektrikatzen dela; ebonitazko orrazia artilezko ehun batez igurtzi eta gero paperezko zatikiak erakartzeko ahalmena sortzen zaiola esate batetarako.

Beraz, marruskadura medio dela eta bi gorputzek, hots, orraziak eta ehunak lehen ez zuten propietate berri bat lortzen dute.

Hau adierazteko, kargatu egiten direla esan ohi da.

Saiakuntza honen bidez karga kontzeptua agerrarazten dugu.

Baina, berez karga ez da ekintza honen bidez sortzen: karga osoa, hots, bi gorputzen kargen batura marruskadura baino lehen zegoenaren hainbestekoa da.

Gaurko Fisika dela eta kargatuta dauden zatiki mikroskopikoak, elektroiak hain zuzen, artiletik ebonitara pasatzen direla gauza jakina da.

Beraz, artilea positiboki kargatuta gelditzen da eta ebonita negatiboki.

Materia osatzen duten zatikien oinarrizko berezitasun bat, karga dugu.

Berez, materia guztia hiru zatiki motaz osaturik dago: protoiak, neutroiak eta elektroiak, eta hauetatik bi, kargatuta daude.

Baina, nahiz eta eskala mikroskopikoan materiak zatiki horien kopuru guztiz handi bat badu ere, zatiki horiekin zer ikusirik duten indarrak ez dira azaltzen, eskala makroskopiko batetan behintzat.

Ez azaltze horren zergatia zera da: bi karga mota dagoela, positiboa eta negatiboa, eta materiak normalki gutxi gorabehera, mota bateko eta bestekoa kopuru berdinean ditu.

Gorputz bat kargatuta dagoela esaten dugunean, zera adierazi nahi dugu: gorputz horrek kargen oreka desegin duela, eta protoiak elektroiak baino gehiago dituela, beraz positiboki kargatuta dago ala alderantziz.